Arrasate 22.000 biztanle inguru dituen herri industriala da. 2002an Arrasate Herri Eskola  sortu zen herriko hiru ikastetxe publikoak bateratuta. Gure eskola,  Herri Eskola Publiko bakarra da. Eskolaren ezaugarrietako bat da 3 eraikuntzetan banatuta egotea eta, eraikuntza hauek herriko 3 auzo ezberdinetan kokatuta daude elkarrengandik urrun:

·         Musakola (Haur Hezkuntza ematen da eta lerro bakarra dago)

·         San Andrés (Bedoñabe, Haur Hezkuntza ematen da eta  hiru lerro daude)

·         Erguin (Lehen Hezkuntza ematen da eta 3-4 lerrokoa da.

 

Printzipioak, baloreak eta nortasun-ezaugarriak

 Arrasate Herri Eskolako lehentasun nagusia erlazio guztietan mantentzen den printzipio filosofiko honetan oinarrituta dago: “pertsonengan sinestea edozein adin, zailtasun edo ezgaitasun izan arren”. Umea kontutan hartu behar da pertsona esperientzia paregabe bezala, horrela umea hezkuntzaren erdigunean kokatzen dugu.

 

Eskola inklusiboa eta hezkidetzan oinarritua da gurea, banan banakako irakaskuntzan oinarritzen dena. Hau da, haurraren ingurune soziokulturala kontutan hartuz bere aurrezagutzak, nahiak, ahalmenak eta interesak ardatz hartzen ditu honekin, ikasleen aniztasuna errespetatzea eta bultzatzea ahalbideratzen duelarik.

 Arrasate Herri Eskolan euskara da gure hizkuntza, euskaraz irakasten ditugu arlo gehienak, euskararen erabilera guztion artean bultzatzen dugu, gure identitatearen ezaugarri bat da eta. Euskal kulturaren transmisioa  da gure helburuetariko bat. Honekin batera ikasle eleanitzak izatearen alde egiten du eskolak..

Ikastetxe demokratikoa, parte-hartzailea, akonfesionala eta integratzailea da gurea. Hezkuntza Elkartea osatzen duten partaide guztien (gurasoak, ikasleak, irakasleak eta irakasleak ez diren langileak)  askatasuna, giza eskubideak eta tolerantzia bermatzen dituena.

 Hezkuntza prozesuan zehar, autonomia, gaitasunen garapena, auto-estimua, sormena,  jakin-mina, aniztasuna eta  kritikarako gaitasuna bultzatzen ditu.